Baliabideak:
PDF:TAGALOGA euskaraz.pdf:Jaitsi
Munduko Hizkuntzaren Ondarearen UNESCO Katedra UPV/EHU
Munduko hizkuntza-leihoak
Aurkibidea
- HIZKUNTZA
- LURRALDEA ETA HIZTUNAK
- HIZKUNTZAREN EGOERA
- HIZKUNTZAREN SAILKAPENA
- HIZKUNTZAREN EZAUGARRIAK
- HIZTEGITXOA
- IDAZKIA ETA AHOTSA
- ERAKUNDEAK ETA ESTEKAK
- ERREFERENTZIAK
- Baliabideak
-
HIZKUNTZA:
Tagaloga
Autoglotonimoa tagalog hitza da.
Erabilitako beste izenen artean filipino eta pilipino daude. Agintariek pilipino terminoa bultzatzen ari dira. Tagalog hitza tagá (herritarra) eta ílog (ibaia) hitzen elkartzetik ei dator.
-
LURRALDEA ETA HIZTUNAK:
Tagaloga edo filipinera Filipinetako hizkuntza ofizialetako bat da ingelesarekin batera, 1987eko konstituzioa onartu zenetik. Filipinetako Errepublikan 70 hizkuntza baino gehiago hitz egiten diren arren (Lewis, 2009; www.ethnologue.com), tagaloga eta ingelesa baino ez dira bertako hizkuntza ofizialak.
Lehenago ere bazen hizkuntza ofiziala, Filipinak independentzia lortu zuenetik, 1937tik, alegia, baina 1987ra arte ingelesa zen hizkuntza nagusia. Ostera, 1987tik aurrera gauzak aldatu dira eta gobernuak filipinera edo tagaloga bultzatzen du etengabe.
Tagaloga filipinarren %20ren lehen hizkuntza den arren, biztanleen %70k edo gehiagok hitz egiten du, hezkuntzaren eta administrazioaren bidez etengabe ari delako zabaltzen. Haatik, 23 milioik lehen hizkuntzatzat duten arren, 60 milioitik gora herritarrek hitz egiten dute, gutxiago edo gehiago.
Lehenago tagaloga Manilan eta bere inguruan baino ez zen hitz egiten, orain Rizal, Bulacan, Cavite, Nueva Ecija, Quezon, Batangas, Mindoro eta Laguna izeneko eskualdeetan. Manilak Filipinetan duen garrantzia kontuan izanik lortu du nagusitasuna eta daukan maila tagalogak.
-
HIZKUNTZAREN EGOERA:
Filipinetako hizkuntza ofiziala izanik, azken hamarkadetan bertako gobernuak izugarrizko indarrak jarri ditutagaloga gizarte berrira egokitzeko eta herrialdean zabaltzeko. Horregatik, aitzakia horren harira, izena ere aldatzeko proposamena egin zuten eta filipinera deitzea aldarrikatzen dute.
Gobernuak zera aldarrikatu zuen, hizkuntza berria egingo zuela, filipinera, denon hizkuntza, hiztegia hizkuntza guztietatik hartuz. Halere, praktikan zera gertatu da, tagaloga oinarri hartuz gainerako hizkuntzetatik, eta batez ere ingelesetik, jasotako hitzekin aberastu dutela hiztegia. Horregatik, filipinera tagalogaren forma berritua baino ez da.
Filipinetan tagaloga zabaltzen ari da irakaskuntzari, administrazioari eta hedabideei esker. Hala eta guztiz ere, tagaloga edo filipinerarekin batera ingelesa ere erabiltzen da irakaskuntza eta administrazioan. Esaterako, arrunta da unibertsitate-ikasketak egiteko hizkuntza biak erabili behar izatea.
Filipinetan hitz egiten diren gainerako hizkuntzen artean batzuk milioika hiztun dituzte, hala nola, bisayanera (15 milioi), ilocanoera (8 milioi), bikolera (3 milioi), pampangera (2 milioi), pangasera (2 milioi). Bestela, hizkuntza gehienek hiztun gutxiago dituzte eta hiltzeko egoera larrian daude. Horien artean bada gaztelanian oinarritutako kreolera ere, txabakanoa, 280.000 hiztun ei dituena, ezin baita ahaztu Espainiak mendeetan agindu zuela Filipinetan. Horietako hizkuntza batzuk euren eskualdeetan haur-hezkuntzan erabiltzen hasi dira azken urteotan: bikolera, zebuanera, txabakanera, hiligaynonera, llokanera, kapampanganera, kinaray-era, maguinkanaoera, maranaoera, pangasera, tausugera eta waray-warayera.
-
HIZKUNTZAREN SAILKAPENA:
Tagaloga austroasiar hizkuntza-taldekoa da, malayo-polinesiar azpi-taldekoa hain zuzen. Hizkuntza austroasiar gehienak, 1.200etik gora, malayo-polinesiar azpi-taldekoak dira, 20ren bat izan ezik. Azpi-talde horretakoak dira, besteak beste, bahasera edo indonesiera (Indonesiako hizkuntza ofiziala, 140 milioi hiztun), malaysiera (ia 40 milioi hiztun), malagasyera (ia 15 milioi hiztun Madagaskarren), rapanuiera (4.000 hiztun Txilen, Pazko Uhartean) eta hawaiera (ia 8.000 hiztun Hawaiin).
-
HIZKUNTZAREN EZAUGARRIAK:
Tagalogaren fonema sistemak 5 bokal ditu, euskararen antzera, eta 21 kontsonante, forma estandarrean bederen. Antza denez, lehenago tagalogak 3 bokal baino ez zituen, baina gaztelaniaren eta bertako beste hizkuntzen eraginez, gaur egun, forma estandarrak 5 bokal ditu. Tagaloga, euskara bezala, hizkuntza ergatiboa da, eta haatik, aditz iragangaitzetako eta aditz iragankorretako subjektuek forma (marka) ezberdinak hartzen dituzte:
nakita ni Juan si Maria
ikusi-IRAGANA erg(–k) Juan abs(–Ø) Maria
‘Jonek Maria ikusi zuen'
Adibide horretan ikus daitekeenez, kasu-markak preposizioak dira, eta ez posposizioak (euskaraz bezala): ni marka ergatiboarena (NORK) da, aditz iragankorretako subjektuek hartzen dutena, euskarazko –k bezalakoa, eta si marka absolutiboarena (NOR) da, euskaraz –Ø dena, aditz iragangaitzetako subjektuek eta aditz iragankorretako objektuek hartzen dutena.
Lehen pertsona, singularra: ko, ako (ni, nik)
Lehen pertsona, bitarra (plurala): nita/nata, kita/kata (guk biak, guk biek)
Lehen pertsona, plurala hi barne: natin, tayo (gu, guk)
Lehen pertsona, plurala hi kanpo: namin, kami (gu, guk)
Bigarren pertsona, singularra: mo, ikáw (ka) (hi/zu, hik/zuk)
Bigarren pertsona, plurala: ninyo, kayo (zuek, zuek)
Hirugarren pertsona, singularra: niya, siya (hura, hark)
Hirugarren pertsona, plurala: nilá, silá (haiek, haiek)
Aditza esaldiaren hasieran jartzeko joera dute tagalogdunek, aditza esaldian gauzatzen denean, tagalogaren hitz hurrenkera ez-markatua ASO baita, aditza-subjektua-objektua, alegia.
sumulat ako
idatzi-iragana ni-erg
‘nik idatzi nuen'
Aditzean, euskaraz bezala, subjektua, objektua eta zehar-objektua adieraz daitezke, horrela eskatzen baldin badu perpausak. Horiez gain, aditzak aspektua, modua eta fokua ere adierazten ditu.
-
HIZTEGITXOA:
sero, isá, dalawá, tatló, apat, limá, anim, pitó, waló, slyam, sampû, labing-isá, labing-dalawá
0, 1, 2, 3, 4, 5, 6, 7, 8, 9, 10, 11, 12
kumusta hô, sige na muna, palaam na hô, salámat hô, maráming salámat hô, magandáng umaga hô, magandáng umaga, magandáng hapon hô, magandáng hapon, magandáng gabí hô, magandáng gabí, kumusta hô kayó?, anóng pangalan ninyó?, akó si xx
kaixo, agur (ez-formala), agur (formala), eskerrak, eskerrik asko, egun on (formala), egun on (ez-formala), arratsalde on (formala), arratsalde on (ez-formala), gau on (formala), gau on (ez-formala), nola zaude?, zein da zure izena?, nire izena XX da
mgá-anák, mgá magulang, tatay, nanay, kuya, ate, anák na lalake, anák na babae, lolo, lola
familia, gurasoak, aita, ama, anaia/neba nagusia, ahizpa/arreba nagusia, semea, alaba, aitita, amama
-
IDAZKIA ETA AHOTSA:
Isinilang na malaya at pantáy-pantáy sa karangalan at mga karapatán ang lahát ng tao. Pinagkalooban silá ng katwiran at budhi at dapat magpalagayan ang isá't isá sa diwa ng pagkakapatiran.
Gizaki oro aske, eta eskubide eta duintasunean berdin jaio ohi da. Arrazoia eta kontzientzia dauzkate, eta besteenganako konfiantza izan behar dute anaiatasunaren izpirituagatik.
-
ERAKUNDEAK ETA ESTEKAK:
http://dictionarymid.sourceforge.net/index.html
http://www.l-lingo.com/en/learn-tagalog-filipino/index.html
http://books.google.com/books?id=z3teLqJ3Jj4C&printsec=titlepage&source=gbs_v2_summary_r&cad=0
http://www.tagalogtranslator.nl/
http://en.wikipedia.org/wiki/Tagalog_grammar
-
ERREFERENTZIAK:
Lewis, M. Paul (ed.) (2009) Ethnologue: Languages of the World. Sixteenth edition. Dallas, Texas: SIL International.
Uranga, Belen, Aierdi, Xabier, Idiazabal, Itziar, Amorrortu, Estibaliz, Barreña, Andoni y Ortega, Ane (2008) Hizkuntzak eta immigrazioa – Lenguas e inmigración. Bilbo: UNESCO Etxea – Amarauna – Ikuspegi – Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra.




